XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ARTASOKO DOLMENA (Arantzazu-Oñati, Gipuzkoa)

Fr. Bitoriano Gandiaga adiskideak bilatu zuen dolmen hau, 1964garren urtearen inguruan.

Ez zekien zihurki dolmena ote zen eta dei egin zidan elkarrekin Artasoko saroira joateko.

Lehen bisita 1968ko urriaren 5ean egin genuen, Euskaltzaindiak Arantzazuko Bilerak zituelarik, goizean-goiz aprobetxatu genuen ostera egitea.

Geroztik, 1971eko apirilaren 18an joan ginen, Gandiaga bera, Julian Bandaormaetxea eta nere seme Unai, zeren Arantzazuko fraideak esan zigutenez, beste harripila bat ere ba omen zen Gaillaurko lepoan, aspalditik ezagutzen zutena eta beren ustez dolmena zena.

Honegatik jo genduen bertara, tokiaren xehetasunak, neurriak eta gainerako oharrak jasotzeko.

Artaso, Arantzazutik ordu ta laurdenera dago, Artiko mendien muño baten lepoan.

Toki hau artzainen bi txaboladun saroia da, eta beregandik oso hurbil, hegoaldera, hemen aipatzen dugun dolmena.

Dolmenaren eta artzain txabolen bitartetik pasatzen da Oñatitik Arabako San Millan herrialdera doan bide zaharra, Gaillaur-gañatik igarotzen dena.

Guk jarraitutako bidea hau da: Arantzazutik, Katakoba ondotik behera, zeharka jiratuaz jeisten den bidea hartu eta Kukulu-errekako trokara.

Hemen, zubitxoa igaro errekaren bestaldera eta bidean aurrera abiatu, Beillotxa eta Haitzabalen barreneko haitzartetik errekondoan zeharka.

Bi haitzok atzekaldean utzi eta bidea ekialdera bihurtzen denean, Beillotxako baserrira heldu baino lehen (bide guzian baserri bakarra da hau, aintzinako agirietan Begiolaza bezala agertzen dena), hegoaldera hartu behar da, errekaldeko trokarteak utziaz maldaz goraka hasteko.

Hemen ikutuko ditugu lehen aldiz hareharrizko mendiak, karaitzezkoak gibelean utziaz.

Bertan gora, atzekaldean ditugun karaitzezko mendi gailurren altura erdia hartu inguruan, mendebaleruntza bihurtu, Haitzabalek dituen jarraipenezko bizkarrak bukatzen diren lepo aldera, eta hau igaroaz, bideak, urratsik galdu gabe eramango gaitu aintzinako kaltzada bateraino.

Kaltzada hau Urtiagain, Kortako-gaña eta Haizkirritik zehar datorren bidea da, Oñatitik Arabako Narbajara doana.

Kaltzada, unetan desegina egonagatik ere, falta den tokietan gurdibide ongi markatua bilatuko dugu, eta hego-ekialdeko direzioan igoaz jarraituko dugu, laster heltzen da Artasoko muñoaren lepora.

Ezkerraldera ikusiko ditugu bi artzain-txabola eta eskubialdera, pagadian, bideari ikutzen dago dolmen harripilaren ertza.